XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta guti dira, herrigintzarako burrukatzea balio nagusitzat jotzen den urte hauetan, sakristiako mundu sakratu horri beharrezkotasunik edo itxurarik ere ikusten diotenak.

Erlijioa, herrigintza burruka hura plazara atera zenetik eta sakristiatik jende gehiago zuzendu ezinak atera zuen plazara efikazi begiz neurtua gertatzen da.

Neurri horiekin, berriz, onuragarri, alferrikako edo kaltegarri izatearen txartela bakarrik jaso zezakeen.

Talde ezberdinekin aurkitu zen burruka plaza hortan eta, gainera, talde horietako batzuekin burrukatzeko gogo biziaz eta burrukatu beharrean.

Horiengandik jaso zuen, normala denez, kaltegarri gertatzen zenaren kritika.

Kritika hori oinarritzeko, berriz, erraza zuten elizaren burrukalariek mila adibide eskuratzea; beren kritikaren zientzitasun itxura, aldiz, Marx modakoaren hitzei heldurik jantzi zuten.

Erlijioa ihesbide bat da eta jendeari egiazko problematatik ihes egin dezan bultzatzen dionez gero, umekeria ez-ezik kaltegarri ere da.

Erlijio kritika mota hau izan da gure herrian hedatuena.

Kritika mota hauxe zen modakoena eta, egia esateko, egokiena ere bai, elizaren aginpide beldurgarritik irten nahirik zebilen orok gustora onar zezan.

Bestetik, berriz, honelako kritika zen egiten errazena ere, erlijio kritika honek nahikoa bait zuen Marxen izena esku-makiltzat hartzea, azterketa sakonetan murgildu beharrik gabe.

Erlijio kritika mota honek ez zuen erlijiotasun, kristautasun, eliz erakunde, kulto bizitza, eliz ohitura eta legeen artean ezer bereizten ibili beharrik.

Ez eta, Euskal Herrian, Marxen kritikaren azpi azpian dagoen giza irudia sakondu beharrik, edo irudi honen garaitasuna eta egokitasuna aztertu beharrik ere.

Kritika hedatuen eta, gure artean behintzat, kaxkarren gertatu den honek bi euskarri eta eragile zituen: bata, elizaren aginpidetik nolabait irtetzeko nahi zabaldua (mila arrazoiz zabaldua), eta bestea, Marxen izenaren banderapean gizarte aldakuntzarako sortu zen irrika bizia.

Hemen ez da gehiagoren beharrik izan, eta Euskal Herrian ahoz-aho, hitzaldiz-hitzaldi edo bileraz-bilera egin den kritika honek ez du gehiagorik eskaini.

Dogma berri bat sortu du: erlijioa umekeria bat da, eta zerbait kaltegarri.

Kritika honek ez die giza galderei heldu ere egin.

Erlijioaz galdetzea, gizonaz galdetzea denaz ere ez dira konturatu ere nonbait.

(Beste zenbait motatako erlijio kritikak ere aipa daitezke, dudarik gabe; baina ez dugu uste eragin izugarria ukan dutenik, oraingoz behintzat).

(Eta ez dugu luzeago egin nahi).